XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1. SARRERA Lakathosen teoria ondo ulertu eta kokatu ahal izateko jakin beharra dago abiapuntutzat Popper-en teoria hartzen duela.

Nahiz azken honen induktibismoa kritikatu eta faltsazionismoa gaindituz aurrerakada handia lortu zientziaren metodologian, Lakathosek beste zenbait pauso emango ditu Popper-en teoriaren akatsak gainditzeko asmoz.

Lakathosek dioenez teoria zientifikoaren oinarrizko arazoa zientziaren ezaugarritasuna edo zientifikotasuna zehaztean datza.

Popper-entzat erantzuna zera litzateke: teoria bat zientifikoa izango da baldin eta aldez aurretik teoria faltsatuko duen esperimentu kruzial bat zehazterik badago.

Horrela ez bada, ez da zientifikoa izango.

Lakathosek berriz ez du ideia hau erabat onartzen.

Zientziaren ezaugarria ikerketarako programa zientifikoak izango dira honen eritziz.

Teoria zientifikoaren ardatza ez da teoria isolatu bakarra izango, Popper-ek zioen bezala, ikerketa-programaketa oso bat baizik.

Hau zati ezberdinez osaturik dago: gunea, gerriko babesgarria eta heuristika baikor eta ezezkor batez.

Gero ikusi ahal izango dugun bezala, heuristika baikor eta ezezkorraren erabilerak programa bat aurrerakoia ala atzerakoia izatera mugatuko du.

Popper-en arabera programa baikorra errefusatzen dena den artean, Lakathosentzat ebidentzia berri eta ustekabeetara garamatzana izango da.

Atzerakoia berriz errefusatugabea Popper-entzat eta gertakariak moldatzeko besterik sortzen ez direnak Lakathosentzat.

Teoria zientifikoaren bigarren arazo garrantzitsua iraultza zientifikoa nola ematen den aztertzea izango da.

Lakathosen arabera bi programa lehiakide badaude eta batek aurrerakada jasaten badu bestea atzean geratuz, zientzilariak lehenengoa hartzen du eredutzat.

Hau izango da iraultza zientifikoa.

Baina aldaketa ez da bapatekoa izango.

Hau gertatu aurretik eta garai batez atzerakada jasan duen teoriari bere burua defendatu eta garatzeko aukera eman behar diogu.

Lakathosen ikuspegi hau ez dator Khun eta Popper-enarekin bat.

Popper-ek teoria berri bat gabe zaharra errefusatzerik dagoela pentsatzen duen artean, Lakathosek aurkako jarrera hartzen du: teoria hobeago bat gabe ez dago zaharra errefusatzerik.

Khunen eritziz berriz iraultza zientifikoak bat bateko ikuspegi-aldaketa irrazionalak izango dira.

Lakathosek erabat baztertu eta deuseztatzen du ikuspegi hau.

2. FALTSAZIONISMO SOFISTIKATUAREN INGURUAN.

Lakathosek proposatzen duen ikerketa-programa faltsazionismo sofistikatuaren inguruan kokatua dago.

Baina hau agertu aurretik beste bi pauso ematen dira: (...).